Xanistebanak 2012. Urtekariko artikulua.

Gaixo psikikoak Oiartzunen

ATZO, GAUR, ETA … BIHAR?

“Ez dago emozio-egoera laua baino ezer okerragorik, bizian hilik sentitzen zarenean.

Ilusioak bilatu, lana egin, bizitza bizitu eta pertsona sentitu behar dugu berriz”

(Gaixotasun psikikoa duen pertsona)

Orain dela 25 urte baino gehiago Osasun Lege Orokorrak (1986) helburu bat finkatu zuen…

“Gaixotasun mentala duten pertsonak, osasun eta gizarte zerbitzuak jasotzen dituzten beste pertsona guztiekin parekatzean oinarrituz, erkidego mailan beraien arreta integrala ziurtatzeko errehabilitazio eta birgizarteratze zerbitzuak garatuko dira.”

Horrek pertsona hauen bizitzan aldaketa sakona zekarrela espero zen; eraberritze psikiatriko bat martxan jarri baitzen, gure osasun eta gizarte zerbitzuak Europako beste herrialdeekin parekatzeko.

Tarte horretan gauza asko aldatu dira, baina baita beste asko agerian gelditu ere. Eroetxeen hormak bota dira, ez guztiz, baina beste horma asko ikus daitezke orain.  Horiek gizartearen gabezietatik eta gaixotasun psikikoa duten pertsonengandik sortzen dira, azkenean estigma bat sortu eta bazterketa eraginez. Gaixotasun mental larria duen pertsona baten hitzetan: “Egia da gure burua baztertzen dugula eta oztopoak hausteko laguntza behar dugula. Jendeak ez gaitzala zerbait arrarotzat edo arriskutsutzat jo.”

Urteak pasatzen dira, baina oraindik, gaixotasun psikikoa duten pertsonen familiek beraien errehabilitazio, birgizarteratze eta arreta integralaren alde lanean jarraitu behar dugu gure komunitatearen baitan (Oiartzun eta Oarsoaldea gure kasuan), gaixoak baino lehen pertsonak direla kontuan har dezagun.

Lerro hauen bitartez orain arte egindakoa gogoratu, gaur egungo egoera aitatu eta etorkizunari aurre egiteko Arraztalo Elkartetik proposamen bat egin nahi dugu.

ATZO

70eko hamarraldian gaixotasun psikikoa zuten pertsonak, ospitale psikiatrikoetan artatzea zen ohikoa. Denok izango  dugu gogoan Santa Ageda, Arrasaten. Pixkanaka gaixo horien interbentzioa hurbiltzen joan da, Eguneko Zentroak edota Buruko Osasun Zentruetara bideratuz.

2001ean Oiartzungo Udala pertsona horiek lanean integratzen hasi zen, iraupen ezberdineko lan-kontratuen bidez, 4 eta 6 hilabetekoak, ondoren langabezian jarraitzen zutelarik. Herri-lanak egin zituzten Udalak eta INEMek diruz lagundutako Enplegu Sustapenerako Programaren markoan. Hasierako esperientzia hori hobetzen joan zen , aldi berean bitartekoak ere gehiagotuz.

Horren guztiaren ondoren AHALBIDE PROIEKTUA jarri zen martxan 2008an, helburu hau garatzearren: Oiartzungo gaixo psikikoen laneratze eta gizarteratzea lantzea, gizarte, lan-arlo eta osasun esparruan ere arituz. Proiektuaren parte-hartzaileak 8 pertsona gaixotasun psikikoarekin eta bi koordinatzaile izan ziren.  Ahalbide Proiektua 2010eko maiatzean eten egin zen.

Erakunde ezberdinen eta familien helburu bateratua integratzea izan zen Ahalbide Proiektuaren berrikuntza, pertsona horiek lanean eta gizartean txertatzea, alegia.

Elkarrekin aritu ziren Udal Gizarte Zerbitzuak, Udal Enplegu Zerbitzuak, Oarsoaldea –Garapen Agentzia, Arraztalo Elkartea, Beraungo Osasun  Mentaleko Zentroa, Ahalbide Koordinatzaileak eta Langileak eta Udal Gobernu Taldea. Proiektu zoragarria eta izugarri esperientzia ona izan zen parte hartu genuen guztientzat.

GAUR

Ahalbide Proiektua bertan behera geratu zela ikusirik, Arraztalo Elkartea gaixotasun psikikoa duten pertsonentzat hain baliagarria izan zen herri-ekimena berpizten saiatzen ari da. Ez da erraza izaten ari, baina Udalaren eta herrian interesa duten pertsonen laguntzaz aurrera goaz.

Gaur egun gaixotasun psikikoa duten lau pertsona eta arduradun bat bi baratza ekologikotan lanean ari dira. Baratza ekologiko hauetan ekoitzitako barazkiak Arraztalo Kontsumo Taldean banatzen dira. Talde honetan dagoeneko Oiartzungo 30 familia daude. Gainera beste bi lursailetan 200 sagarrondo baino gehiago landatu dira, etorkizunean sagardoa ekoizteko. Beste lau gaixo eta arduradun batek Talaia poligonoko garbigunearen eguneroko kudeaketa egiten dute. Langile guzti hauek Arraztalok edo Udalak Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez kontratatuak dira. Beraien soldatak Lanbideren edo Udalaren diru-laguntzetatik eta egindako lanetik ateratako etekinetik ordaintzen dira.

Bestalde, Arraztalo Elkarteak, gaixotasun psikikoa duten familien elkartea denez, hitzaldiak, laguntza taldeak eta arazoak, esperientziak nahiz informazioa elkarbanatzeko bilera irekiak antolatzen ditu.

ETA… BIHAR?

Hemen aurkezten dugun diagramarekin Arraztalo Elkarteak bere proposamena aurkeztu nahi du. Honekin gizartearen parte-hartzea bultzatu nahi da gaixotasun psikikoa duten pertsonen integrazioa bultzatzeko. Ahalbide Proiektua izan da abiapuntua, honen helburu eta metodologia berreskuratu nahi baititugu.

Gure helburu nagusia honako hiru esparru hauetan gaixoen garapen pertsonala lortzea da: osasun zerbitzuan, gizarteratzean eta lan-munduan txertatzean.

Osasun-zerbitzuak

Gaixotasun mental larriak dituzten pertsonak dira kasu gehienetan. Gaixotasun horien artean daude psikosi egonkortua, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra eta mugako pertsonalitate nahasmenduak. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera biztanleriaren %1a dira eta gora doa. Oiartzunen kopuru horren inguruan gabiltza.

Psikiatriak aurrerapen handiak egin ditu azkenaldian. Botika askoz ere eraginkorragoak daude eta errehabilitazioari esker kronikoak diren gaixotasunak ia erabat sendatzea lortzen da. Gaixotasun kroniko horien artean daude nahasmendu bipolarra eta eskizofrenia. Hala ere gaixo gehienek ez dituzte aurrerapen horiek nabaritzen. Osasun zerbitzuek eskaintzen dutena hilabeteroko kontsulta zerbitzua besterik ez da eta bertan botiken dosia kontrolatzea da helburua. Honen ondorioz gaixotzeak behin eta berriz gertatzen dira eta azkenean gaixotasuna kroniko bihurtzen da.

Osakidetzaren parte-hartzea beharrezkoa da, arreta psikiatrikoan eta psikoterapian, Beraungo Osasun Mentaleko zentruaren bitartez. Giza baliabide gehiago eta koodinazioa behar dira gaixo hauen osasuna hobetzeko, helburua ez baita mantentze lan bat bakarrik egitea. Esan daiteke osasun arreta doakoa dela, baina arreta hori ez edukitzea EZ.

Lan-munduan txertatzea

Gaixotasun psikikoa duten pertsonek lan-munduan ere lekua eskatzen dute. Kasu hauetan lanaren esanahiak aldatu egin behar du. Errentagarritasuna bilatzeaz gain, ekintza honek okupazio terapia, gizartearentzat baliagarria den lana eta lagundutako lana izan behar du.

Enplegu Zentro Berezi (EZB) bat sortzea proposatzen dugu, lan esparruaren kudeaketa egin eta pertsona hauek enpresa arruntetan lan egin dezaten errazteko. Arraztalo Elkarteak behin eta berriz proposatu du EZB horren sorrera. Elkarte horretan Arraztalo bera, Oiartzungo Udala eta Oarsoaldea Garapen Agentziak parte-hartzea da helburua. Partaide hauekin proiektua eraginkorra izango litzateke, eta EZBak momentu honetan nahitaezkoak diren baliabide ekonomikoak erakarriko lituzke.

Proposatzen den lan esparrua honako ekintzek osatzen dute:

  • Baratze Ekologikoak. Dagoeneko martxan daude.
  • Zerbitzuak. Ahalbide Proiektuan egindako lana jarraituz. Mantenketa lanak, mendien garbiketa, lorezaintza.
  • Birziklatzea. Talaiako garbigunearen kudeaketa eginez.
  • Lan-enklabeak. Arraguako eskolako bi lantegietan Oarsoaldeko enpresentzat muntaia lanak eginez.
  • Lagundutako Enplegua. Gaixoen integrazioa enpresa arruntetan.

Enplegu Zentru Bereziak Lanbideren lan integraziorako programen bidez laguntza ekonomikoa eduki lezake, baita Kutxarena eta LaCaixarena beraien gizarte ekintzarako programen bidez.

Gizarteratzea

Lan-munduan txertatzearen eta osasun arretaren ondorio zuzena gizarteratzea izango litzateke. Integrazio hori eta garapen pertsonala da helburu nagusia, gizarte ekintza guztien helburua. Gizarteratzeak gaixotasuna desmitifikatzean eta pertsona bera bilatzean oinarritu behar du. Pertsona hauekin dugun erronka nagusia integrazio zerbitzuen orokortzea eta herritarrak geureganatzea da. Honetan familiek eta hurbilen dauden gizarte zerbitzuek egiteko asko dugu.

Gure gizarteak ikuspuntua aldatu du minusbaliotasunen bat duten pertsonen inguruan, baina hau ez da horrela izan gaixotasun mentala duten pertsonekin, oraindik zalantzak eta beldurrak sortzen baitira. Topikoak baztertzen ari garen arren, estigmak eta zentzugabeko aurreiritziak daude. Arraztalo Elkartearen helburua pertsona hauen erabateko errekonozimendua ere bada. Baina bakarrik ezin dugula lan egin badakigu. Gizarte osoaren lana da. Horrela pentsatzen ez dutenentzat, hona hemen datu bat: Biztanleriaren %25ak gaixotasun psikiko bat jasango du bere bizitzan zehar, epe labur batean bada ere…

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s