INFORMAZIO HAZIAK I – Aurrenekoa, liburu bat

haziak

Gaixotasun psikikoa duten pertsonen lan eta gizarte integrazioa lortzerako garaian, gizarteak duen informazio falta oztopo izugarria da. Sortzen diren arazo, estigma eta gaizki-ulertuak gaixotasuna gertutik bizi ez duenak informaziorik ez duelako sortzen dira. Horregatik, gure herrian gaixotasuna bistaratzea, informazioa zabaltzea eta hezkuntza lana egitea ezinbesteko dela uste dugu.

Lan hau bideratzeko Arraztalo Elkartean dugun bloga erabili nahi dugu, INFORMAZIO HAZIAK ereiniz. Aldiro-aldiro liburuei eta prentsa artikuluei buruzko aipamenak, sarean aurkitzen ditugun bideo interesgarriak eta beste zenbait baliabide argitaratzen joango gara, publiko orokorrak esku-eskura izan ditzan. Gizarte integrazioa lortzeko oztopoak agertzen badira, ez daitezela informazio faltagatik agertu. Zuek ere elkarbanatzeko zerbait baduzue, jakinarazi eta hemen argitaratuko dugu!

AURRENEKOA HAZIA, LIBURU BAT

Aurreneko proposamen honetarako liburu bat aukeratu dugu. Liburuaren izenburua Guía práctica para el manejo de la esquizofrenia, Manual para la familia y el cuidador da, Elena Aznar Avendaño eta Ángeles Berlanga Adellek idatzia.


Azala Izenburua: Guía práctica para el manejo de la esquizofrenia, Manual para la familia y el cuidador

Egileak: Elena Aznar Avendaño eta Ángeles Berlanga Adell.

Argitaletxea: Ediciones Pirámide, 2006.

Liburua irakurri nahi duenak Arraztalo Elkartean dagoen alea eskatu besterik ez du, arraztalo@gmail.com helbidera mezu bat idatziz.

 

 


 

Liburuak eskizofreniaren inguruko gai ugari lantzen ditu, besteak beste:

  • Gaixotasunaren hasiera.
  • Gaixotasuna ulertzeko gakoak.
  • Eskizofreniaren tratamendua.
  • Botiken inguruko arazoak.
  • Elkarbizitzako arazoak.
  • Zaintzaileen egoera.
  • Legedia, pentsioak, ospitaleratzeak eta ezgaitasun agiriak.

Irakurtzeko oso erraza da eta gaiari ikuspuntu praktikoa eman nahi izan diote egileek, hizkuntza tekniko eta medikoa saihestuz. Honez gain, honakoa lortu nahi du:

  • Gaixotasunari buruzko informazio errealista eta ulergarria ematea.
  • Gaixotasunak sortutako arazoak gainditzeko gidalerroak aurkeztea.
  • Senideengan eta ingurukoengan gaixotasunak duen eragina gutxitzeko estrategiak ematea.

Idazleak Valentziako Psikologia Institutuko psikologoak eta hiri bereko unibertsitatean psikologia ikasketak egindakoak dira.

ARRAZTALOREN IKUSPUNTUA

Arraztalo Elkartetik liburua irakurtzea gomendatzen dugu, eskizofrenia bizi duenari arazoak gainditzen lagundu eta ezer ez dakienari hasierako informazio praktikoa eskaini diezaiokeelako.

Aipatzen dituen gai guztietatik Arraztalok egiten duen lanarekin zer ikusia dutenak azpimarratu nahi ditugu.

Lan integraziorako programak

Idazleek diotenez, eskizofrenia duten pertsonen gehiengoak lana egin nahiko lukeen arren, enpresa arruntetan lanpostu bat lortzen duten gaixoak %5etik %15era doaz. Errehabilitazioak duen erronka nagusienetako bat gaixoak lan-munduan sartzea da.

Gure herrian gaixotasun psikikoa duten pertsonak integratzeko erreminta batzuk aspalditik martxan jarrita dauden arren, gaixoen artean bada kolektibo bat oraindik ere bazterturik dagoena. Kolektibo hau ez gizarteratzeko aitzakia nagusia, produktibitate falta da. Ez dira lan-postu batek produktibo eta probetxuzko izateko eskatzen dituen zereginak betetzeko gai.

Honen inguruan, egileek lan integrazioa lortzeko bi estrategia daudela azpimarratzen dute:

  • Trebatu eta integratu: Estrategia klasikoa da eta gaixoa lan-postu normalizatu batean integratu baino lehen, produktiboa izan dadin trebakuntza bat jasotzen du. Pixkanaka lan-mundu normalizatura bideratzen da gaixoa, azkenean lana bere kabuz mantentzeko gai delarik. Frogatu ahal izan denez, estrategia hau ez da batere eraginkorra lan-postu lehiakor eta normalizatutan integrazioa lortzeko.  
  • Integratu eta trebatu: Hasieratik gaixoak lan-postu normalizatu batean integratzen dira, gero bere trebetasunak landuz ogibide bat ikas dezaten. Horrelako estrategia bat gaixoaren trebetasun eta interesetan oinarritzen da, bakoitzari hobekien egokitzen zaizkion zereginak bilatuz.

Arraztalo Elkartetik azken estrategia honekin lan egiten dugu. Baratza ekologikoen proiektuan hasieratik gaixoak lan ingurune batean integratu ditugu, barazkiak ekoizten, saskiak prestatzen eta kontsumo taldeari banaketa egiten. Konpromiso bat dute herriko familia batzuekin. Konpromiso horren ondorioz, gaixoak baratzen kudeaketan eta nekazaritzan trebatzen joan dira, hasieran gaiari buruz inolako jakintzarik ez izan arren. Eta berdin izan da Garbigunearen  kasuan. Integratu eta trebatu.

Liburuaren ondorioak

Oiartzunen gaixo psikikoek bizi duten egoera bete-betean islatzen da liburuan:

  • Azken hamarkadetan gaixotasunaren tratamenduan aurrerapen izugarria izan den arren, aurrerapen horiek ez dira behar bezala garatu gizartean. XXI. mendekoak baino XIX.mendekoak diruditen uste eta ideia okerrak mantentzen dira. Gainera baliabide falta izugarria dago eta tratamenduak askotan botikak hartzera besterik ez dira mugatzen.
  • Gaixotasun hau ez da entelekia bat, ezta akats larri bati jarritako zigorra, osasun publikoak duen arazoa da. Betebehar moral eta legala dugu behar bezala kudeatzeko, beste edozein gaixotasunekin egiten den bezala.
Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s