Barazki saskia. Otsailak 2.

Hurrengo astelehenean, otsailak 2, honako barazkiak izango ditugu urteko azkeneko saskian:

  • 2 letxuga
  • Dozena erdi azenario
  • Aza bat
  • 12 kiwi
  • 1 kg patata

Saskiaz gain, babarrunak ere izango dira (azkeneko kiloak daude salgai 10€/kg). Gainera gazta, ardi esnea eta eztia eskatu ahal izango da hemendik bi astera jasotzeko.

Advertisements

Edonori gerta dakioke! Ararteko-buruaren hitzaldiko laburpena

Ararteko burua hitzaldian

Pasa den asteartean, urtarrilak 27, Iñigo Lamarca Ararteko-burua izan genuen gurean, buruko gaixotasunei buruz azkenaldian egin dituzten txosten eta ikerketen berri emateko. Azaldu zuenenez, Arartekoaren bulegoan lan-ildo ugari dituzte, eta horietako bat buruko gaixoasunei lotutakoa da.

Jarraian, bertan landutako gaietatik Arraztalon aipagarrienak direnak laburbildu ditugu:

  • Edonori gerta dakioke. Buruko gaixotasunak gizartean bazterkeria sortzen duen arren, berez gaitza ez da diskriminatzailea. Adin, maila sozial eta jatorri guztietako pertsonei eragiten die. Eta honetaz gizartea ez da jabetu oraindik.
  • Biztanleriaren %25ak bizitzan zehar buruko gaixotasunen bat izango du (Munduko Osasun Erakundearen datuak).  Horrek ez du esan nahi gaixo kroniko bihurtuko direnik, baina depresioa edo estresa moduko gaixotasunak denbora batez dituzten pertsonak gero eta gehiago dira.
  • Osasun Zerbitzuen laguntza bakarrik ez da nahikoa. Kasu askotan, osasun zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideez gain beste baliabideak behar dira, batez ere gizarte zerbitzuenak. Orain dela 25 urte ospitale psikiatrikoetan bakarrik oinarritzen zen eredutik, eredu komunitariora (gaixotasuna duena etxetik ahalik eta hurbilen mantentzen saiatzen dena) pasa zen arren, dauden baliabideak ez dira nahikoak. Osasun, gizarte, justizia eta hezkuntza sistemen koordinazioa behar-beharrezkoa da.
  • Buruko gaixotasuna duten pertsonen %70-%80 langabezian dago. Gizarte integrazio eskasak, eguneroko bizitza kudeatzeko gaitasuna galtzeak eta egungo lan-mundu lehiakorrak, buruko gaixotasuna duten pertsonen lan integrazioa oztopatzen dute.

Hitzaldian jorratutako beste gai ugari Ararteko-buruak Oiartzun Irratian egindako elkarrizketan laburbildu zituen.

Elizaldeko ikasleak gure baratzetan

Elizaldeko ikasleen bisitako argazkia

Pasa den astean, Elizalde Herri Eskolako 1. mailako ikasleak izan genituen Petra Lekuonako baratzean. Bertatik bertara ikusi ahal izan zuten nekazaritza lanak zein diren eta zein produktu landatzen diren. Bertan pasa zuten denboran, Alberto, Aingeru, Uxue eta Iñakik gidaritza lanak egin zituzten.

Ateratako argazkien bilduma Elizalderen blogean ikus dezakezue.

Hitzaldia: Buruko gaixotasuna, Arartekoaren ikuspuntua

Arartekoaren hitzaldia kartela

Urtarrilaren 27an, Iñigo Lamarca Arartekoak Buruko gaixotasuna duten pertsonen egoera gurean zein den azalduko digu.  Urtetan Arartekoaren bulegoan bildu den esperientziari esker, buruko gaixotasunari buruzko informazioa jaso eta aholkuak emateko aukera izango du.

Landuko diren gaien artean honakoak daude:

  • Zeri deitzen diogu buruko gaixotasuna? Eta zer da buruko nahasmendua?
  • Zein eskubide dituzte buruko gaixotasuna edo nahasmendua duten pertsonek?
  • Behar bezalako arreta al dute buruko gaixotasuna edo nahasmendua duten pertsonek?
  • Zertan hobetu beharko lirateke pertsona hauek dituzten zerbitzuak?
  • Zer egin dezakegu buruko gaixotasunari lotuta dauden aurreiritziak eta estigmak saihesteko edo ezabatzeko?

Hitzaldia ilunabarreko 19:00etan izango da, udaletxeko areto nagusian.