Zein korore du gaixotasun psikikoak? – Tailer irekiak Oarsoaldean

Arraztalo eta Aldura Elkarteek elkarlanean buru-gaixotasunen inguruko tailerrak antolatu ditugu Oarsoaldean. Tailer hauen helburua herritarrek buru-osasunari eta gaixotasun psikikoei buruz duten ikuspuntua ezagutu eta biltzea da.

Buru-gaixotasunari buruzko tailerrak

Read More »

Advertisements

Ikasturte hasieran, galtzak bete lan

Beste erakunde askok bezala, Arraztalok ere eskolako ikasturtearekin funtzionatu ohi du. Abuztuan baratza martxa bizian dagoen arren, beste lanak moteldu egiten dira eta irailan ekiten diegu berriz ere hasita zeuden egitasmoei eta egitasmo berriei. Horien jarraipena egiteko bilera izango da bihar, urriak 6, Arraztaloren egoitzan 18:30ean.

Urriaren 10a Buru Osasunaren Nazioarteko eguna da. Beste urtetan kontzertuak eta hitzaldiak antolatu izan ditugu, baina aurten nahikoa dugu martxan ditugun egitasmoekin. Buru Osasunaren Nazioarteko eguna sentsibilizaziorako aitzakia ona izaten da, baina guretzako hobea eguneroko lana. Pixkanaka-pixkanaka gaixotasun psikikoa duten pertsonak gizartean eta lanean integratzea lortu behar dugu, bai kanpaina orokorrak eginez, baita herrietan eta auzoetan egunez egun pertsona hauen parte-hartzea bultzatzen.

Gaur gaurkoz esku artean ditugun egitasmoak honakoak dira:

  • Baratza ekologikoak. Jakina da gizarte integrazioa bultzatzeko nekazaritzan sortzen ditugula lanpostuak. Hiru baratza ditugu martxan (Ergoienen, Altzibarren eta Elizalden) guztira 9000 metro koadro. Orain, Oiartzungo Udalak martxan jarri duen Lurbizi programaren baitan, 6000 metro koadroko beste baratza bat lortu dugu Makutso baserriaren inguruan. Bidegorriaren bazterrean dago, eta aukera ezin hobea izango da gure lana ikusarazteko. Hori lantzeko berriz, langile gehiago behar ditugu. Irailan laugarren langile batekin taldea osatu dugu, monitorearekin bost dira beraz.
Lurbiziren aurkezpena
Lurbiziren aurkezpena (iturria: http://www.oiartzun.eus)
  • Kontsumo taldea. Uda aurretik taldeak 36 partaide zituen, eta udazkenerako 40ra heltzeko helburua jarri genuen. Urrirako ordea, 40 partaidera iritsi gara! Taldekideek txandaka arrautzen banaketa eta eskaerak egiteko ardura euren gain hartu dute. Honek duten konpromezua erakutsi digu.
  • Unitate didaktikoa. Bi urtez gaixotasun psikikoa eskoletan lantzeko unitate didaktikoa lantzen aritu ondoren, ia prest dugula esan dezakegu. Inprentara bidali dugu eta laister aurkezpen publikoa egiteko moduan izango gara. Arraztalon ez gara gaixotasun psikikoan adituak, baina gure esperientziatik, eskoletan zer kontatua eta azaldua badugula uste dugu. Hori egiteko erreminta izango da Isiltasuna Hautsi programa. Unitate didaktikoa irakasleentzat prestatua dago, gaixotasun psikikoa eta buru osasuna ikasgelan lantzen laguntzeko. Arraztaloren webgunean unitate didaktikoa zintzilikatuko dugu, ahalik eta pertsona gehienengana iritsi dadin. Bertan material gehigarria ere zintzilikatuko dugu, bideoak eta beste elkarteek garatutako materialak, besteak beste.

isiltasuna-hautsi-portada

  • Gaixotasun psikikoari buruzko tailerrak. Azaroa eta abendurako tailer irekiak prestatzen ari gara, herritarrekin gaixotasun psikikoaren gaia lantzeko. Urteroko hitzaldiak antolatu baino, aurten nahiago izan dugu herritarrei gaixotasun psikikoari buruz hitz egiteko aukera ematea. Bi orduko saioak egingo dira Oarsoaldeako herri bakoitzean, dinamikoak eta parte-hartzaileak. Gaixotasun psikikoa duten pertsonek egunero dituzten zailtasunak hizpide hartuta, Arraztalo eta Aldura elkarteetatik gure  iritzia emango dugu, baina batez ere tailerretan parte hartzen duten pertsonen iritziak entzun nahi ditugu. Gure inguruko gaixoen testigantzak irakurri eta entzuteko aukera ere izango dugu.

Egitasmo hauez gain, beste lanak egiten ere jarraitzen dugu. Hor ditugu, besteak beste, Enplegu Zentro Bereziaren diseinua, eta Zigilu Ekologikoaren ziurtapen prozesua amaitzea. Buru Osasunaren Nazioarteko egunean ez dugu kanpaina berezirik egingo, eguneroko lana kanpaina hoberena!