Arraztalo ETBko Atera Kontuak saioan

Advertisements

Arraztalok ekoizpen ekologikoaren zigilua lortu du

Bi urte bilakaera prozesuan egon ondoren, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) ematen duen zigilu ekologikoa lortu du Arraztaloren barazkien ekoizpenak.

eko_koloretan2010ean ekoizpena hasi zenetik ekologikoan aritu baldin bagara ere, 2014ean zigilu ekologikoa lortzeko prozesuan sartzea erabaki genuen ofizialki aitorpena eskuratzeko. Ziurtagiria garrantzitsua da zenbait sektoretan saltzeko, hala nola denda ekologikoak edo ikastetxeetako jantokiak.

Bilakaera prozesuak ekarri duen aldaketa nabarmenena hazien eta landareen erosketan izan da. ENEEKek proposatutako ekoizpen ereduak, barazkien prozesuan baldintzak jartzeaz gain, haziak eta landareak ziurtagiria duten hornitzaileengandik erostea eskatzen du. Ziurtagiria lortzeko eta mantentzeko oztopo nagusiak landareen prezioaren igoera eta hornitzaileen eskasia izan dira. Oarsoaldean ziurtagiri ekologikoa duten landareak saltzen dituzten hornitzaile gutxi daude eta beste eskualdetan erosten hasi behar izan dugu. Hau ikusirik, ziurtagiri prozesuarekin batera gure hazi eta landare propioak ekoizteko lanak martxan jarri ditugu.

2016ko urte bukaeran martxan jarritako Makutsoko baratza altan eman berri dugu ENEEKen eta ondorioz beste bi urtez bilakaera prozesuan egongo da.

Abuztuak 30, azken bilketa baratzetan

Abuztua aurrera doa eta hilabete osoan zehar baratzetan ibili gara kontsumo taldeko kideak barazkiak biltzen. Horretarako azken aukera izango da bihar, abuztuak 30, 19:30ean Ergoiengo baratzean. Irailaren 5ean berriz ere banaketak ohiko moduan hasiko dira plazan.

IMG_20160823_203738

Langileen oporretan, kontsumo taldeko kideak izaten gara barazkiak biltzearen arduradunak. Aurten astearte arratsaldetan eta ostegun goizetan egin dugu lan hori. Hilabete oparoenak direla kontuan harturik, zer bildua izan dugu: letxugak, bainak, berenjenak, tomateak, azelgak, mota askotariko piperrak, kalabazinak,… Aipagarria izan da aurten haurren parte-hartzea. Kontsumo taldean familia gazte ugari ditugu eta euren haurrek baratzean ibili eta barazkiak biltzeko aukera ere izan dute.

IMG_20160823_203845

 

IMG_20160823_203832

 

Haurtzaro Ikastolako haurrak Ergoiengo baratzean

Maiatzaren 12an, Haurtzaro Ikastolako haur hezkuntzako haurren bisita izan genuen Arraztaloren Ergoiengo baratzean. Bidegorrian barrena etorri ziren, eta hiru orduz baratzako lanak egiteko aukera izan zuten.

Arraztaloko langile Aingeru, Alberto, Iñaki, Lourdes eta Palomaren laguntzaz udan kontsumo taldeko kideek jasoko dituzten barazkiak landatzen ibili ziren. Piperrak eta berenjenak landatzen ikasi zuten, baita arto eta kalabaza haziak ereiten ere. Bisitaren argazkiak Haurtzaro Ikastolaren webgunean ikus daitezke.

Bisita hauekin, herriko haurrek nekazaritza lana gertutik ezagutzeko aukera dute. Bestalde, Arraztalon etorkizunean bisita hauek gaixotasun psikikoa duten pertsonen lan integrazioa azaltzeko ere erabili nahiko genituzke. Horregatik, azken urte honetan buru-osasunari buruzko material didaktikoa prestatzen gabiltza.

Hurrengo asteleheneko banaketa Ergoienen

Hurrengo asteleheneko banaketa, uztailaren 27koa, ez da plazan izango, Ergoiengo baratzean baizik. Betiko orduan izango da, 18:00etan. Arrautzak ere bertan jaso ahal izango dira.

Barazkiak jasotzeaz gain, langileek baratzaren antolaketa erakutsiko digu, abuztuan jaso behar duguna zer den ikusteko. Horrez gain, taldekideok zalantzak argitzeko aukera ere izango dugu.

Inoiz ez bazarete bertan egon, jakin Ergoiengo baratza Tolare jatetxearen pareko aparkalekuaren ondoan dagoela.

Bestalde, gure proiektuaren berri eta baratzaren martxaren berri jakin nahi duten herritar guztiak astelehenean etortzera gonbidatu nahi ditugu.

Ergoien

Gaixo psikikoen lan integrazioa eskualdera zabalduz

Oiartzungo Arraztalo Elkartea urtarriletik aurrera eskualde mailan proiektu bat martxan jartzeko lanean aritu da, gaixotasun psikikoa duten pertsonen lan integrazioa bultzatzeko hain zuzen ere. Programa honen helburua Errenteria, Lezo eta Pasaiako gaixotasun psikikoa duten pertsonak nekazaritzan esperientzia laboral bat izatea eta Oiartzungo Arraztalo Elkartearen lana aipatutako herrietan zabaltzea da.


Oarsoaldeko langileak

Hau gauzatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aurrekontu Partehartzaileetako 50.000€ lortu ziren. 2015eko maiatzean Arraztalo eta Foru Aldundiko Gizarte Politikako sailaren artean sinatutako hitzarmenari esker, programa ekainean martxan jarri zen Errenteriako hiru langile, Pasaiako bi eta Lezoko batekin. Pertsona hauen aukeraketa Errenteriako Osasun Mentaleko Zentroko profesionalen laguntzaz egin da.

Read More »

Udalekuetako haurrak Arraztalon

Uztailaren 2an udalekuetako 8 eta 9 urteko haurrak Arraztaloren Altzibarko egoitzan izan genituen. Denetara 50 haur, euren monitoreekin. Bi txandatan egon ziren, talde bakoitzeko 25 ume sartu zirelarik.

Udalekuetako haurrak Arraztalon

Aukera paregabea izan genuen adin horietako umeengana hurbiltzeko. Bideo motz bat jarri genien , Arraztaloko kontsumo taldeari buruz. Bideoa ikusi ondoren, ideia hauek hausnartzeko (modu laburrean) parada izan genuen, hala nola:

Arraztaloko kontsumo taldea:

  • Bazekiten “plazan egoten dela barazkiak saltzen”.
  • Barazkien ekoizleak: Ez zekiten deus ere horri buruz. Argitu genien langileak buruko gaixotasuna duten pertsonak direla. Gainetik bazen ere, aitatu zen pertsona guztiak desberdinak direla; ezagutzen zituzten gaixotasun klase ezberdinak, …
  • Gaixotasun hori duten pertsonekiko eduki beharrezko ERRESPETUa azpimarratu genien.

KONTUAN HARTZEKOAK

  • Normalean gaixotasun psikikoari buruz informazio gehien dutenek familia edo hurbilean egoera hori jasaten dutenak dira. Egunero bizi behar dutelako buruko gaitza duten pertsonekin: seme-alabak; anai-arrebak; osaba-izebak…
  • Helduek ez diegu adin txikikoei azalpen argirik ematen gaixotasun horri buruz, baina gaixo mental bat ondoan dutenean, haurrek igarri egiten dute, pertsona horren portaerak transmititzen baitie zerbait berezia dutela.
  • Eta… zer gertatzen da adin txikiko baten ama edo aita (tutoreak) depresioak jota badago? antsietatea bizi badu? eskizofrenia badu? kontsumo-arazoak eragindako transtornoak baditu? Hori guztia ttikitan landu beharko genuke gure umeekin normaltasunaren barruan bizi dezaten gaixotasun hori.
  • Udalekuetako haurrekin konturatu ginen, oso ume gutxik zutela informazioa gai honi buruz, soil-soilik gertutik bizi zuten ale bakan batzuek, adierazi zigutenak taldean:

nik badut holako izeba bat…”

nire osaba psikologoa da…”

Gure ustez horrelako mintzagaiak aberasgarriak dira, batez ere egoera ludiko batean txertatzen direlako. Umeak motibatuta joaten dira, inongo presiorik gabeko ekintza xumeak dira, haurrak natural-natural erantzuten dute, eta batez ere kontestuan hitz egiteko gaiak dira, umeak Altzibarko auzoa ezagutzen ari baitziren.

Udalekuetako haurrak Arraztalon

Datozen astetan, udalekuetako adin ezberdinetako haurrak Arraztaloren baratzetatik pasako dira (aurreneko bisita gaur, hilak 7, izango da). Bertan, Arraztaloko langileek egiten duten lana gertutik ikusi, eta baratzean aritzeko aukera izango dute.