Arraztalo, Karabelekok antolatutako Baratze-terapia jardunaldian

Karabeleko ekonekazaritza etxaldeak, Baratze-terapiari buruzko jardunaldia antolatu du otsailaren 13an. 9:00etatik 13:00etara izango da, Karabelekon bertan, Hernanin.

Jardunaldiaren lehenengo zatian, Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoa eta Marc Olomi baratze-terapian aditua izango dira hizlari.

Bigarren zatian hiru esperientzia ezagutzeko aukera izango dute, Ereiaro, Pausoak eta Arraztalo.

Gure kasuan, 2010ean baratza ekologikoen proiektua martxan jarri genuenetik orain arte izan dugun esperientzia kontatuko dugu. Bertan izango gara, baratzetako lantaldea eta baita elkarteko kideak ere.

Zatoz jardunaldira!  Eman izena otsailaren 9a baino lehen karabeleko@gmail.com helbidera idatziz

Informazio gehiagorako Karabelekoren webgunera jo.

Advertisements

Euskal Jaia eta azoka larunbatean

Neguan Txerri Eguneko azokan egoten gara eta udan Xanistebanetakoan. Orain berriz udaberrian beste azoka batean parte hartzeko aukera dugu, Euskal Jaian. Datorren larunbatean, hilak 13, Oiartzungo Euskal Jaiak antolatuta ekintza ugari izango dira egun osoa zehar.

Arraztalok postua jarriko du goizeko 10:00etatik 14:00etara izango den azokan. Bertan Oiartzungo barazki ekogologikoak, sagardoa, arrautzak eta pasta erosteko aukera izango da. Animatu!

Ikasturte hasieran, galtzak bete lan

Beste erakunde askok bezala, Arraztalok ere eskolako ikasturtearekin funtzionatu ohi du. Abuztuan baratza martxa bizian dagoen arren, beste lanak moteldu egiten dira eta irailan ekiten diegu berriz ere hasita zeuden egitasmoei eta egitasmo berriei. Horien jarraipena egiteko bilera izango da bihar, urriak 6, Arraztaloren egoitzan 18:30ean.

Urriaren 10a Buru Osasunaren Nazioarteko eguna da. Beste urtetan kontzertuak eta hitzaldiak antolatu izan ditugu, baina aurten nahikoa dugu martxan ditugun egitasmoekin. Buru Osasunaren Nazioarteko eguna sentsibilizaziorako aitzakia ona izaten da, baina guretzako hobea eguneroko lana. Pixkanaka-pixkanaka gaixotasun psikikoa duten pertsonak gizartean eta lanean integratzea lortu behar dugu, bai kanpaina orokorrak eginez, baita herrietan eta auzoetan egunez egun pertsona hauen parte-hartzea bultzatzen.

Gaur gaurkoz esku artean ditugun egitasmoak honakoak dira:

  • Baratza ekologikoak. Jakina da gizarte integrazioa bultzatzeko nekazaritzan sortzen ditugula lanpostuak. Hiru baratza ditugu martxan (Ergoienen, Altzibarren eta Elizalden) guztira 9000 metro koadro. Orain, Oiartzungo Udalak martxan jarri duen Lurbizi programaren baitan, 6000 metro koadroko beste baratza bat lortu dugu Makutso baserriaren inguruan. Bidegorriaren bazterrean dago, eta aukera ezin hobea izango da gure lana ikusarazteko. Hori lantzeko berriz, langile gehiago behar ditugu. Irailan laugarren langile batekin taldea osatu dugu, monitorearekin bost dira beraz.
Lurbiziren aurkezpena
Lurbiziren aurkezpena (iturria: http://www.oiartzun.eus)
  • Kontsumo taldea. Uda aurretik taldeak 36 partaide zituen, eta udazkenerako 40ra heltzeko helburua jarri genuen. Urrirako ordea, 40 partaidera iritsi gara! Taldekideek txandaka arrautzen banaketa eta eskaerak egiteko ardura euren gain hartu dute. Honek duten konpromezua erakutsi digu.
  • Unitate didaktikoa. Bi urtez gaixotasun psikikoa eskoletan lantzeko unitate didaktikoa lantzen aritu ondoren, ia prest dugula esan dezakegu. Inprentara bidali dugu eta laister aurkezpen publikoa egiteko moduan izango gara. Arraztalon ez gara gaixotasun psikikoan adituak, baina gure esperientziatik, eskoletan zer kontatua eta azaldua badugula uste dugu. Hori egiteko erreminta izango da Isiltasuna Hautsi programa. Unitate didaktikoa irakasleentzat prestatua dago, gaixotasun psikikoa eta buru osasuna ikasgelan lantzen laguntzeko. Arraztaloren webgunean unitate didaktikoa zintzilikatuko dugu, ahalik eta pertsona gehienengana iritsi dadin. Bertan material gehigarria ere zintzilikatuko dugu, bideoak eta beste elkarteek garatutako materialak, besteak beste.

isiltasuna-hautsi-portada

  • Gaixotasun psikikoari buruzko tailerrak. Azaroa eta abendurako tailer irekiak prestatzen ari gara, herritarrekin gaixotasun psikikoaren gaia lantzeko. Urteroko hitzaldiak antolatu baino, aurten nahiago izan dugu herritarrei gaixotasun psikikoari buruz hitz egiteko aukera ematea. Bi orduko saioak egingo dira Oarsoaldeako herri bakoitzean, dinamikoak eta parte-hartzaileak. Gaixotasun psikikoa duten pertsonek egunero dituzten zailtasunak hizpide hartuta, Arraztalo eta Aldura elkarteetatik gure  iritzia emango dugu, baina batez ere tailerretan parte hartzen duten pertsonen iritziak entzun nahi ditugu. Gure inguruko gaixoen testigantzak irakurri eta entzuteko aukera ere izango dugu.

Egitasmo hauez gain, beste lanak egiten ere jarraitzen dugu. Hor ditugu, besteak beste, Enplegu Zentro Bereziaren diseinua, eta Zigilu Ekologikoaren ziurtapen prozesua amaitzea. Buru Osasunaren Nazioarteko egunean ez dugu kanpaina berezirik egingo, eguneroko lana kanpaina hoberena!

 

 

 

Alternatiben Oihartzuna hurrengo larunbatean

Hurrengo larunbatean, apirilak 16, Alternatiben Oihartzuna izeneko ekitaldian ospatuko da Oiartzunen.  Herritarrei alternatibak eskaintzea da egun osoko ekimen honen helburua, beste gizarte eredu bat eraikitzeko alternatibak.

Arraztaloren kasuan, parte-hartze bikoitza izango dugu. Batetik 11:00tan hasiko den azokan izango gara, bertako barazkiak saltzen, inguruko beste ekoizleekin batera. Bestetik, 13:15ean, Elikadura Burujabetzari buruzko solasaldian izango gara, eskualdeko beste proiektuetako bultzatzaileekin batera.

Alternatiben Oihartzuna

Asanblada orokorra ostegunean, urriak 22

Adi

Hurrengo ostegunean, urriaren 22an, 19:00etan egingo da asanblada Altzibarko egoitzan. Bertan elkartearen ekintzak eta proiektuak zertan diren jakinaraziko da, baita egoera ekonomikoa zein den ere.

Lerro hauen bitartez, Arraztalo Elkartetik Asanblada Orokorrera etortzeko deialdia egin nahi diegu elkarteko kide guztiei, gurekin elkarlanean ari diren erakundeetako ordezkariei eta gure lanari buruzko interesa duen edonori. Bilera irekia izango da.

Jarraian aurtengo gai zerrenda eta pasa den urteko aktak irakur daitezke:

Read More »

Gaixotasun psikikoari buruzko jardunaldiak Oarsoaldean

Oarsoaldean garatzen ari garen proiektuaren baitan, Gaixotasun psikikoari buruzko jardunaldiak antolatu ditugu urrriaren 6, 7 eta 8an. Egun bakoitzean gaixotasun psikikoaren alderdi ezberdinak ezagutzeko aukera izango dugu. Gainera, Oarsoaldeko proiektuari jarraipena emateko, gaixotasun psikikoaren inguruan eskualdeko beste herrietan herri-mugimenduak sortzeko lehenengo pausoak ematea ere jardunaldien helburua izango da. Horregatik, Oarsoaldeko gaixotasun psikikoa duten pertsonei eta euren senideei deialdia egin nahi diegu, jardunaldi hauetan parte hartu dezaten.

HitzaldiakOarsoaldeaRead More »

Kontsumo taldeko bilera deialdia

Udaberriarekin batera, kontsumo taldeko bilera egingo dugu apirilaren 15ean. Hitzordua 18:30etan jarri dugu, Arraztaloren egoitzan (Martintxo kalea 1, Altzibar).

Jorratuko ditugun gaien artean honakoak daude:

  • Inkesten emaitzak, hobekuntza eta aldaketa proposamenak.
  • Baratzeko berriak, negua, udaberriko antolaketa.
  • Altak, bajak eta itxaron zerrenda.
  • Kontsumo taldeko arduren banaketaren balorazioa, etorkizuna…
  • Basherri sareko informazioa.
  • Xanistebanetako azoka eta pintxo lehiaketa.

Aspaldian bilerarik egin gabe egon gara eta gai ugari daude lantzeko. Oraingoan, kontsumo taldeko partaideen parte-hartzea bermatzeko ahalegin berezia egiten ari gara. Batetik, bilera eguna aukeratu ahal izan dugu, inkestaren bidez. Bestetik, haurren zaintza zerbitzua egongo da. Data eta ordua ikusita zaintza zerbitzua behar duzuela ikusten baduzue, arraztalo@gmail.com helbidera idatzi eta antolaketa egingo dugu.

Oraindik ez baduzue inkesta bete, honako helbidean sartu eta bete!

Laguntzaileak behar ditugu itzulpenak egiteko

Gaixotasun psikikoen alorrean, herritarrei informazioa helaraztea ezinbestekoa da. Osasun arazo honen inguruan dagoen ezjakintasuna nabaria da eta norberak, senide batek edo lagun batek bizitzen ez duen bitartean nahiko urrun sentitzen den gaia da.

Arraztaloren lanetako bat horixe da, gizartearen esku jartzea gaixotasun psikikoen inguruan dakiguna. Ez guk dakiguna bakarrik, baita gure inguruan (prentsan, interneten,…) argitaratzen dena ere.  Baina argi dugu, guk lan egiten dugun esparrua txikia dela eta gehienbat euskalduna dela. Eta oraingoz, informazioari dagokionean, gaixotasun psikikoak ez daki euskaraz.

Horregatik, azken hilabeteetan gaia lantzen aritu gara eta Informazio Haziak izeneko atala ere martxan jarri genuen blog honetan, interesgarria iruditzen zaigun hori gurera egokituta eta euskaraz ekarri nahian. Baina egia esan, eguneroko lanak, gaixotasuna duten pertsonekin eta kontsumo taldearekin egiten dugun lanak, jan egiten gaitu.

Hau dela eta, deialdi irekia egin nahi diogu testuak egokitu eta euskarara itzultzeko prest dagoen orori, Arraztaloren laguntzaile bihur dadin. Prentsan eta interneten aurkitzen ditugun ingelesezko edo gaztelaniazko lan interesgarriak, hala nola iritzi artikuluak, bideoen azpitituluak eta ikerketak, egokitu eta itzultzea izango litzateke helburua. Ez dugu dedikazio handirik eskatzen ezta izugarrizko konpromisorik ere. Laguntzeko gogoa, besterik ez.

Beraz, laguntzeko prest bazaude, jarri gurekin kontaktuan arraztalo@gmail.com helbidean edo 617585724 telefonoan.