Prentsa-oharra: ENPLEGU ZENTRO BEREZIAK ETA GAIXOTASUN PSIKIKOA DUTEN PERTSONEN LAN INTEGRAZIOA

Arraztalo eta Aldura Elkarteak Oarsoaldean gaixotasun psikikoa duten pertsonen alde lanean gabiltza azkeneko urte hauetan. Lan horren helburua pertsona hauen lan eta gizarte integrazioa lortzea da. Gu sortu aurretik bazeuden lan integrazioan ari diren erakunde eta enpresak, eta horiek egiten duten lana aitortu beharra dago. Hala era, bere garaian hutsunea nabaritu genuen, pertsona batzuk ohikoak diren lan integrazio zirkuitutik kanpo geratzen baitira.

Desgaitasunen bat duten pertsonentzako lanpostuak sortu eta kudeatzeko tresna nagusietako bat Enplegu Zentro Bereziak dira. Zentro hauek enpresa mota bat dira eta desgaitasuna duten langileek lan produktibo eta ordaindua edukitzea ahalbidetzen duten. Horretarako bereziki prestatuak daude. Erakunde publikoek zentro hauek era ezberdinetan laguntzen dituzte, desgaitasuna duten pertsonen lan integrazioak dituen zailtasunak eta onurak onartuz.

Gaur egun, Enplegu Zentro Berezi bat sortzea Euskadiko Autonomia Erkidegoan ezinezkoa da, horretarako beharrezkoa den erregistroa eta arautegia garatu gabe dagoelako. Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbideren betebeharra den arren, urteak joan eta urteak etorri, legedi hori garatu gabe geratu da. Egoera xelebrea dugu esku hartean, Estatuko beste edozein erkidegotan Enplegu Zentro berezia sortu daiteke, baina Euskadin ez.

2013an hasita, Arraztalok eta Aldurak behin eta berriz eskatu diote Eusko Jaurlaritzari beharrezkoa den legedi hori garatzeko. Eskaerak egiteko bide ezberdinak jarraitu dira. Etengabeko hartu-emana izan da Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin, bertan, interpelazioak, mozioak eta galderak bideratzeko. Hala nahi izan dutenean, Arartekoarekin eta Lanbideko zuzendariarekin ere bildu izan gara.

Enplegu Zentro Berezien erregistroa ez edukitzeak ondorio zuzena du Aldura eta Arraztaloren jardunean. Aldurak zailtasunak ditu etorkizunean martxan jarri nahi dituen jarduera berriak hasteko. Arraztalok berriz, ezin du Baratza Ekologikoen proiektua era jasangarri batean mantendu. Oiartzungo Udalaren etengabeko laguntza eta beste erakundeen noiz-behinkako laguntza jasotzen duen arren, gaur egun, ez ikuspuntu sozialetik ezta ekonomikotik ere ezin da proiektua horrela mantendu. Lan baldintza duinak lortzekotan, Enplegu Zentro Berezia martxan jartzea ezinbestekoa da. Hori ez den irtenbide ugari aztertu ditugu, eta baten bat bideragarria izan balitz, dagoeneko martxan egongo litzatekeela dudarik ez egin.

Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbideren erantzun eta konpromiso falta ikusirik, arazoa publiko egitea beharrezkoa dela uste dugu. Eusko Jaurlaritzatik jaso dugun azkeneko erantzunak dionez, 2018ko martxoan onartu behar zen legedia. Lehendakariak berak, 2017ko urrian egindako agerraldi batean, desgaitasuna duten pertsonentzako politika aktiboak arautuko dituen dekretua Jaurlaritzaren hurrengo ekimenetan dagoela adierazi zuen. Berandu baino lehen dekretua onartzea eskatzen diogu.

Honez gain, Oarsoaldeko udalbatzak ere arazo honen inguruan euren iritzia plazaratu dezaten, mozioak aurkeztuko ditugu epe laburrean.

Jaurlaritzaren legegintzaldi honetako goiburua “Auzolana” da. Guk auzolanean ia 10 urte daramatzagu gaixotasun psikikoa duten pertsonen lan integrazioa lortu nahian.

Advertisements

Arraztalo Eusko Legebiltzarrean izan zen urriaren 29an

Aurreko ostegunean, urriak 29an, Arraztalo Elkarteko langile eta senideak Eusko Legebiltzarreko Ohiko Bilkuran egon ginen. Bilkura horretara PSE eta EH-Bilduren gonbidepenari esker joateko aukera izan genuen. Oreretako senideak eta Oiartzungo Udaleko ordezkari bat ere gurekin izan ziren bertan.

Osoko Bilkuran Eusko Jaurlaritzari egin zitzaizkion galderen artean, Enplegu Zentro Berezien kalifikazioa eta erregistroari buruzkoa zegoen. Gaia ez da berria, eta Arraztalotik orain dela gutxi eskutitz ireki bat idatzi genuen, Enplegu Zentro Berezien gaiak izan duen bilakaera azalduz.

Osteguneko Legebiltzarreko bilkuran, honako mozioa aurkeztu zuen Bixen Itxaso González parlamentariak. Eztabaidan bi puntu hauek eztabaidatu ziren:

  1.  Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio sor dezala bi hilabeteko epean administrazio-marko bat enplegu-zentro bereziak kalifikatzeko eta erregistratzeko, sindikatuen eta eragileen parte-hartzearekin.
  2. Zentro horientzako 2015eko ekitaldiko diru-laguntzen aginduek kontuan izango dituzte inskripzio-eskatzaileak, baldin eta erregistroa ekitaldiaren barruan urtarrilaren 1eko ondorioekin formalizatzen badute, eta onuradun izan daitezke eta diru-laguntzak jasotzeko eskubidea eduki, nahiz eta diru-laguntzen aginduak inskripzioa egin aurretik argitara eman”.

Mozioan aurkeztutako jatorrizko testua onartu zuen legebiltzarrak, PSE eta EHBilduren aldeko botoekin. EAJk lehenengo puntuan alde egin zuen, bigarrenean berriz ez. Ondorioz, hiru alderdi politikoek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote bi hilabeteko epean administrazio-markoa sor dezala. Eztabaida osoa hemen irakur daiteke.

Oraingoan Legebiltzarrak eskatutako betetzea espero dugu. Hainbatetan aipatu izan dugun bezala, Arraztalo Elkartearen proiektuak bizirik iraun dezan ezinbestekoa da Enplegu Zentro Berezia sortzea, eta hobe eskualde mailan bada.

Arraztalo Eusko Legebiltzarrean

Arraztalo Elkartea ostegunean, urriak 29, Eusko Legebiltzarrean izango da, Gasteizen.09:30ean hasiko den Ohiko Osoko Bilkuran Enplegu Zentro Berezien erregistroari buruzko mozioa aurkeztu eta eztabaidatuko da, eta Arraztalok bilkura hori ikustera joateko gonbidapena jaso du.

Elkartearen helburuetako bat Enplegu Zentro Berezia sortzea da. Enplegu Zentro Berezia enpresa mota bat da eta ezintasuna duten pertsonentzat lanpostuak sortzeko erraztasunak ematen ditu. Hau da, gaixotasun psikikoa duten pertsonak lan munduan integratzeko ahalmen handiko tresna bat da. Orain ezinezkoa da Enplegu Zentro Berezi berri bat sortzea, Eusko Jaurlaritzak horretarako beharrezkoa den erregistrorik ez baitu. Berez hau Lanbidek kudeatu behar du erregistroa, baina enplegu politika aktiboen eskumenak Euskal Autonomi Erkidegora pasa zirenean zintzilik geratu zen.

Hemen bertan aipatu izan dugun moduan, Arraztalorentzat estrategikoa da Enplegu Zentro Berezia sortzea, gaur egun duen jarduerari egonkortasuna eman eta gaixo psikikoen lan-integrazioari bultzada izugarria emango liokelako.

Horren garrantzia azpimarratzeko, Arraztalo Elkarteko kideak, langileak eta beste hainbat herritar bihar legebiltzarrean izango gara.