Zein korore du gaixotasun psikikoak? – Tailer irekiak Oarsoaldean

Arraztalo eta Aldura Elkarteek elkarlanean buru-gaixotasunen inguruko tailerrak antolatu ditugu Oarsoaldean. Tailer hauen helburua herritarrek buru-osasunari eta gaixotasun psikikoei buruz duten ikuspuntua ezagutu eta biltzea da.

Buru-gaixotasunari buruzko tailerrak

Read More »

Advertisements

Ikasturte hasieran, galtzak bete lan

Beste erakunde askok bezala, Arraztalok ere eskolako ikasturtearekin funtzionatu ohi du. Abuztuan baratza martxa bizian dagoen arren, beste lanak moteldu egiten dira eta irailan ekiten diegu berriz ere hasita zeuden egitasmoei eta egitasmo berriei. Horien jarraipena egiteko bilera izango da bihar, urriak 6, Arraztaloren egoitzan 18:30ean.

Urriaren 10a Buru Osasunaren Nazioarteko eguna da. Beste urtetan kontzertuak eta hitzaldiak antolatu izan ditugu, baina aurten nahikoa dugu martxan ditugun egitasmoekin. Buru Osasunaren Nazioarteko eguna sentsibilizaziorako aitzakia ona izaten da, baina guretzako hobea eguneroko lana. Pixkanaka-pixkanaka gaixotasun psikikoa duten pertsonak gizartean eta lanean integratzea lortu behar dugu, bai kanpaina orokorrak eginez, baita herrietan eta auzoetan egunez egun pertsona hauen parte-hartzea bultzatzen.

Gaur gaurkoz esku artean ditugun egitasmoak honakoak dira:

  • Baratza ekologikoak. Jakina da gizarte integrazioa bultzatzeko nekazaritzan sortzen ditugula lanpostuak. Hiru baratza ditugu martxan (Ergoienen, Altzibarren eta Elizalden) guztira 9000 metro koadro. Orain, Oiartzungo Udalak martxan jarri duen Lurbizi programaren baitan, 6000 metro koadroko beste baratza bat lortu dugu Makutso baserriaren inguruan. Bidegorriaren bazterrean dago, eta aukera ezin hobea izango da gure lana ikusarazteko. Hori lantzeko berriz, langile gehiago behar ditugu. Irailan laugarren langile batekin taldea osatu dugu, monitorearekin bost dira beraz.
Lurbiziren aurkezpena
Lurbiziren aurkezpena (iturria: http://www.oiartzun.eus)
  • Kontsumo taldea. Uda aurretik taldeak 36 partaide zituen, eta udazkenerako 40ra heltzeko helburua jarri genuen. Urrirako ordea, 40 partaidera iritsi gara! Taldekideek txandaka arrautzen banaketa eta eskaerak egiteko ardura euren gain hartu dute. Honek duten konpromezua erakutsi digu.
  • Unitate didaktikoa. Bi urtez gaixotasun psikikoa eskoletan lantzeko unitate didaktikoa lantzen aritu ondoren, ia prest dugula esan dezakegu. Inprentara bidali dugu eta laister aurkezpen publikoa egiteko moduan izango gara. Arraztalon ez gara gaixotasun psikikoan adituak, baina gure esperientziatik, eskoletan zer kontatua eta azaldua badugula uste dugu. Hori egiteko erreminta izango da Isiltasuna Hautsi programa. Unitate didaktikoa irakasleentzat prestatua dago, gaixotasun psikikoa eta buru osasuna ikasgelan lantzen laguntzeko. Arraztaloren webgunean unitate didaktikoa zintzilikatuko dugu, ahalik eta pertsona gehienengana iritsi dadin. Bertan material gehigarria ere zintzilikatuko dugu, bideoak eta beste elkarteek garatutako materialak, besteak beste.

isiltasuna-hautsi-portada

  • Gaixotasun psikikoari buruzko tailerrak. Azaroa eta abendurako tailer irekiak prestatzen ari gara, herritarrekin gaixotasun psikikoaren gaia lantzeko. Urteroko hitzaldiak antolatu baino, aurten nahiago izan dugu herritarrei gaixotasun psikikoari buruz hitz egiteko aukera ematea. Bi orduko saioak egingo dira Oarsoaldeako herri bakoitzean, dinamikoak eta parte-hartzaileak. Gaixotasun psikikoa duten pertsonek egunero dituzten zailtasunak hizpide hartuta, Arraztalo eta Aldura elkarteetatik gure  iritzia emango dugu, baina batez ere tailerretan parte hartzen duten pertsonen iritziak entzun nahi ditugu. Gure inguruko gaixoen testigantzak irakurri eta entzuteko aukera ere izango dugu.

Egitasmo hauez gain, beste lanak egiten ere jarraitzen dugu. Hor ditugu, besteak beste, Enplegu Zentro Bereziaren diseinua, eta Zigilu Ekologikoaren ziurtapen prozesua amaitzea. Buru Osasunaren Nazioarteko egunean ez dugu kanpaina berezirik egingo, eguneroko lana kanpaina hoberena!

 

 

 

Abuztuak 30, azken bilketa baratzetan

Abuztua aurrera doa eta hilabete osoan zehar baratzetan ibili gara kontsumo taldeko kideak barazkiak biltzen. Horretarako azken aukera izango da bihar, abuztuak 30, 19:30ean Ergoiengo baratzean. Irailaren 5ean berriz ere banaketak ohiko moduan hasiko dira plazan.

IMG_20160823_203738

Langileen oporretan, kontsumo taldeko kideak izaten gara barazkiak biltzearen arduradunak. Aurten astearte arratsaldetan eta ostegun goizetan egin dugu lan hori. Hilabete oparoenak direla kontuan harturik, zer bildua izan dugu: letxugak, bainak, berenjenak, tomateak, azelgak, mota askotariko piperrak, kalabazinak,… Aipagarria izan da aurten haurren parte-hartzea. Kontsumo taldean familia gazte ugari ditugu eta euren haurrek baratzean ibili eta barazkiak biltzeko aukera ere izan dute.

IMG_20160823_203845

 

IMG_20160823_203832

 

Abuztuan bildu beharrekoak

Abuztuaren 9tik aurrera, kontsumo taldeko kideok jaso beharko ditugu barazkiak. Baratza bere onenean dago eta lan ugari izango dugu.

Hauek dira baratza bakoitzean jaso beharreko barazkiak:

PETRA LEKUONA

  • Baina (negutegian)
  • Kalabazina
  • Azenarioa
  • Azelga
  • Tipulina
  • Tomatea(abuztuaren bukaerarako)

ALTZIBAR

  • Tomatea

ERGOIEN

  • Letxuga
  • Piperra
  • Berenjena (abuztua bukaerarako)
  • Baina
  • Azenarioa

Bilketak egiteko egunak eta orduak hemen dituzue.

 

 

Xanistebanak

Abuztuaren 4ean, osteguna, Xanistebanetako baserritar egunean azoka jarriko dugu Kilirikupen. Oiartzungo Arraztaloren barazkiez, jaki gozoez eta sagardoaz gain, Peluzar baserriko arrautzak, Galtzatako gazta, beste zenbait ekoizleren produktua erosi ahal izango dira.

Azoka 10:30ean hasiko da eta sagardo lehiaketan ere parte hartuko dugu.

Postua jarri baino lehen badugu zer egina, eta Arraztalotik Kontsumo Taldeko kideei laguntza eskatzen dizuegu:

  • Egunean bertan POSTUA ANTOLATU ETA BERTAN EGOTEKO (10:00etatik 14:00etara txandaka)
  • Postuan saltzeko JAKIAK EKARTZEKO (10:30etarako)

Bestalde, beste edozeinek laguntzerik badu, eskertuko dugu. Aukera paregabea izango da Arraztaloren lana ezagutzeko.

Edozein modutan laguntzeko asmoa baduzue, aldez aurretik esan, barazki banaketan (Jon-617585724) edo korreo elektroniko bat idatzi arraztalo@gmail.com helbidera.

Etorri bertako produktuez gozatzera!

Haurtzaro Ikastolako haurrak Ergoiengo baratzean

Maiatzaren 12an, Haurtzaro Ikastolako haur hezkuntzako haurren bisita izan genuen Arraztaloren Ergoiengo baratzean. Bidegorrian barrena etorri ziren, eta hiru orduz baratzako lanak egiteko aukera izan zuten.

Arraztaloko langile Aingeru, Alberto, Iñaki, Lourdes eta Palomaren laguntzaz udan kontsumo taldeko kideek jasoko dituzten barazkiak landatzen ibili ziren. Piperrak eta berenjenak landatzen ikasi zuten, baita arto eta kalabaza haziak ereiten ere. Bisitaren argazkiak Haurtzaro Ikastolaren webgunean ikus daitezke.

Bisita hauekin, herriko haurrek nekazaritza lana gertutik ezagutzeko aukera dute. Bestalde, Arraztalon etorkizunean bisita hauek gaixotasun psikikoa duten pertsonen lan integrazioa azaltzeko ere erabili nahiko genituzke. Horregatik, azken urte honetan buru-osasunari buruzko material didaktikoa prestatzen gabiltza.