Aurkezpena

Arraztalo Elkartean argi dugu gaixotasun psikikoaren inguruko sentsibilizazioa oso garrantzitsua dela. Eta sentsibilizazio horretan hezkuntzak eta eskola-komunitateak protagonista izan behar dute. Sentsibilizazio horren baitan, azken ikasturtetan Oiartzungo ikastetxeetatik ikasle ugari hurbildu dira gure baratzetara, gaixotasun psikikoa duten pertsonekin nekazaritzan egiten dugun lana bertatik bertara ikustera. Hala ere, argi dago baliabide egokirik gabe maisu-maistrek ezin diotela gaiari behar bezala heldu.

Horregatik, Arraztalon ia bi urte pasa ditugu gaixotasun psikikoa eskoletan era argi, arin eta hurbilean lantzea ahalbidetuko duen eskola material bat osatzen. Bilaketa horretan, bereziki interesgarria iruditu zitzaigun Breaking the Silence (Isiltasuna Hautsiz) egitasmoa. Proiektu hau, Amerikako Estatu Batuetako National Alliance on Mental Illness (NAMI) elkarteak garatu zuen 90eko hamarkadan. Garai hartan, hiru irakasle, gaixotasun psikikoak zituzten haurren guraso zirenak, elkartu eta lehen hezkuntzako azken mailetarako eta bigarren hezkuntzarako eskola materiala garatu zuten. Gaur egun NAMI elkartearen baitan banatzen den materiala da eta Estatu Batuetako 51 estatutan erabili da. Gainera, Kanada, Japonia, Armenia, Irlanda, Australia eta Birjina Uharteetatik ere eskatu dute. Mexikon gaztelaniara itzuli dute bertan erabili ahal izateko.

270042_135821433171564_6810743_n

Arraztalon materiala erosi ondoren, gurean erabiltzeko egokia dela ikusi genuen. 2014ko amaieran, NAMI elkarteko kideekin hitz egin ondoren, unitate didaktikoak euskarara itzuli, egokitu eta banatzeko baimena lortu genuen. Orduan hasitako lanaren emaitza da hemen aurkitu dezakezuen euskarazko ikas-materiala.

Argitu beharra dago, Arraztaloren helburua ez dela gaia sakonki lantzea, gu geu ez baikara adituak. Gaixotasun psikikoaren esperientzia gertutik bizitzen dugu, eta bizipen horiek gazteengana eramatea lortu nahi dugu, era erraz eta ulergarri batean. Horrela, estigma ezabatzeko pauso txikiak ematen jarraituko dugu. Horretarako, irakasle eta gurasoen formazio eta sentsibilizazio ezinbestekoa izango da.

Ikas material honen diseinu grafikoa eta maketazioa Strogoff-ek egin du.

ESKURATU MATERIALA

IKUSI MATERIAL GEHIGARRIA