Hurrengo tailerrak: Orereta Ikastolako eta Oiartzungo Ludotekako partaideentzat

portada_eus_osoa.jpg

Buru-gaixotasunen inguruko hurrengo tailerrak, Orereta Ikastolako eta Oiartzungo Ludotekako partaideentzat izango dira.

Tailerrak parte-hartzaileak izango dira. Ariketa ezberdinen bidez gaixotasun psikikoa duten pertsonek egunero gainditu behar dituzten zailtasunak aztertu eta partaideek beraien iritzia emateko aukera izango dute. Bi elkarteok, guraso, irakasle, hezitzaile eta ikasleak tailer hauetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Orereta Ikastolako tailerra, Linoko eraikinean (Santa Klara kalean) izango da, abenduaren 12an 17:30ean. 

Bigarren tailerra Oiartzungo Hezkuntza ez arautuko partaideei zuzendutakoa izango da. Ludotekarekin elkarlanean, abenduaren 13rako antolatu dugu, 18:30ean liburutegiko aretoan.

Tailerrak ikastetxeetan antolatuko diren arren, beste edozein herritarrek ere parte hartu dezake.

Advertisements

Buru-gaixotasunen inguruko tailerrak ikastetxeetan

Arraztalo eta Aldura Elkarteek elkarlanean buru-gaixotasunen inguruko tailerrak antolatu genituen Oarsoaldean 2016an. Tailer hauen helburua herritarrek buru-osasunari eta gaixotasun psikikoei buruz duten ikuspuntua ezagutu eta biltzea izan zen. Ekintza honen emaitza 2017 hasieran argitaratu genuen memoria izan zen.

Ildo honi jarraituz, aurten tailerrak eskualdeko ikastetxeetan egingo dira. Tailer hauen helburua berbera izango da: eskola komunitateko partaideekin gaixotasun psikikoa duten pertsonen egoera eta problematika aztertzea. Arraztalo eta Alduraren ikuspuntutik, haur eta gazteen artean egiten den prebentzioak izugarrizko garrantzia du ondoren ager litezkeen buru-osasun arazoak ekidin ahal izateko. Horregatik, sentsibilizazio ekintza honen helburua gaixotasun psikikoaren gaia eskoletan lantzen hastea izango da. Tailerrez gain, Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailatan erabiltzeko unitate didaktikoa ere garatu dugu.

Tailerrak parte-hartzaileak izango dira. Ariketa ezberdinen bidez gaixotasun psikikoa duten pertsonek egunero gainditu behar dituzten zailtasunak aztertu eta partaideek beraien iritzia emateko aukera izango dute. Tailerrak eskola komunitatera eta bertako partaideen bizipenetara egokituta egongo dira. Bi elkarteok, guraso, irakasle eta ikasleak tailer hauetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Lehenengo tailerra Elizalde Herri Eskolan izango da azaroaren 16an, 16:45ean Mediatekan. Etorkizunean, antolatzen diren beste tailerren berri emango dugu.

Tailerrak ikastetxeetan antolatuko diren arren, beste edozein herritarrek ere parte hartu dezake.

Euskal Jaia eta azoka larunbatean

Neguan Txerri Eguneko azokan egoten gara eta udan Xanistebanetakoan. Orain berriz udaberrian beste azoka batean parte hartzeko aukera dugu, Euskal Jaian. Datorren larunbatean, hilak 13, Oiartzungo Euskal Jaiak antolatuta ekintza ugari izango dira egun osoa zehar.

Arraztalok postua jarriko du goizeko 10:00etatik 14:00etara izango den azokan. Bertan Oiartzungo barazki ekogologikoak, sagardoa, arrautzak eta pasta erosteko aukera izango da. Animatu!

Alternatiben Oihartzuna hurrengo larunbatean

Hurrengo larunbatean, apirilak 16, Alternatiben Oihartzuna izeneko ekitaldian ospatuko da Oiartzunen.  Herritarrei alternatibak eskaintzea da egun osoko ekimen honen helburua, beste gizarte eredu bat eraikitzeko alternatibak.

Arraztaloren kasuan, parte-hartze bikoitza izango dugu. Batetik 11:00tan hasiko den azokan izango gara, bertako barazkiak saltzen, inguruko beste ekoizleekin batera. Bestetik, 13:15ean, Elikadura Burujabetzari buruzko solasaldian izango gara, eskualdeko beste proiektuetako bultzatzaileekin batera.

Alternatiben Oihartzuna

Zertan gabiltzan jakin nahi? Bihar duzu aukera.

Hilabeteko lehenengo osteguna izanik, elkarteko jarraipen bilera egingo dugu bihar Altzibarko egoitzan 18:30ean. Bertan landuko ditugun gaiak honakoak izango dira:

Bilera irekia izango da, beraz interesa duen edonor gonbidatuta dago.

Bihar, otsailak 27, Elkartasun Azokan izango gara

Oiartzunen lehen aldiz, Elkartasun Azoka izango da bihar, 10:00etatik 14:00etara. Gizarte gai ugaritan lanean ari garen elkarte ezberdinak bilduko gara Doneztebe Plazan, egiten duguna herritarrei azaltzeko asmoz. Gure kasuan, gaixo psikikoen lan integrazioa bultzatzeko dugun proiektuari eta kontsumo taldeari buruzko informazioa jaso ahal izango da.

Elkartasun Azoka 2016 Oiartzun

Gaixotasun psikikoari buruzko jardunaldiak Oarsoaldean

Oarsoaldean garatzen ari garen proiektuaren baitan, Gaixotasun psikikoari buruzko jardunaldiak antolatu ditugu urrriaren 6, 7 eta 8an. Egun bakoitzean gaixotasun psikikoaren alderdi ezberdinak ezagutzeko aukera izango dugu. Gainera, Oarsoaldeko proiektuari jarraipena emateko, gaixotasun psikikoaren inguruan eskualdeko beste herrietan herri-mugimenduak sortzeko lehenengo pausoak ematea ere jardunaldien helburua izango da. Horregatik, Oarsoaldeko gaixotasun psikikoa duten pertsonei eta euren senideei deialdia egin nahi diegu, jardunaldi hauetan parte hartu dezaten.

HitzaldiakOarsoaldeaRead More »

Edonori gerta dakioke! Ararteko-buruaren hitzaldiko laburpena

Ararteko burua hitzaldian

Pasa den asteartean, urtarrilak 27, Iñigo Lamarca Ararteko-burua izan genuen gurean, buruko gaixotasunei buruz azkenaldian egin dituzten txosten eta ikerketen berri emateko. Azaldu zuenenez, Arartekoaren bulegoan lan-ildo ugari dituzte, eta horietako bat buruko gaixoasunei lotutakoa da.

Jarraian, bertan landutako gaietatik Arraztalon aipagarrienak direnak laburbildu ditugu:

  • Edonori gerta dakioke. Buruko gaixotasunak gizartean bazterkeria sortzen duen arren, berez gaitza ez da diskriminatzailea. Adin, maila sozial eta jatorri guztietako pertsonei eragiten die. Eta honetaz gizartea ez da jabetu oraindik.
  • Biztanleriaren %25ak bizitzan zehar buruko gaixotasunen bat izango du (Munduko Osasun Erakundearen datuak).  Horrek ez du esan nahi gaixo kroniko bihurtuko direnik, baina depresioa edo estresa moduko gaixotasunak denbora batez dituzten pertsonak gero eta gehiago dira.
  • Osasun Zerbitzuen laguntza bakarrik ez da nahikoa. Kasu askotan, osasun zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideez gain beste baliabideak behar dira, batez ere gizarte zerbitzuenak. Orain dela 25 urte ospitale psikiatrikoetan bakarrik oinarritzen zen eredutik, eredu komunitariora (gaixotasuna duena etxetik ahalik eta hurbilen mantentzen saiatzen dena) pasa zen arren, dauden baliabideak ez dira nahikoak. Osasun, gizarte, justizia eta hezkuntza sistemen koordinazioa behar-beharrezkoa da.
  • Buruko gaixotasuna duten pertsonen %70-%80 langabezian dago. Gizarte integrazio eskasak, eguneroko bizitza kudeatzeko gaitasuna galtzeak eta egungo lan-mundu lehiakorrak, buruko gaixotasuna duten pertsonen lan integrazioa oztopatzen dute.

Hitzaldian jorratutako beste gai ugari Ararteko-buruak Oiartzun Irratian egindako elkarrizketan laburbildu zituen.

Hitzaldia: Buruko gaixotasuna, Arartekoaren ikuspuntua

Arartekoaren hitzaldia kartela

Urtarrilaren 27an, Iñigo Lamarca Arartekoak Buruko gaixotasuna duten pertsonen egoera gurean zein den azalduko digu.  Urtetan Arartekoaren bulegoan bildu den esperientziari esker, buruko gaixotasunari buruzko informazioa jaso eta aholkuak emateko aukera izango du.

Landuko diren gaien artean honakoak daude:

  • Zeri deitzen diogu buruko gaixotasuna? Eta zer da buruko nahasmendua?
  • Zein eskubide dituzte buruko gaixotasuna edo nahasmendua duten pertsonek?
  • Behar bezalako arreta al dute buruko gaixotasuna edo nahasmendua duten pertsonek?
  • Zertan hobetu beharko lirateke pertsona hauek dituzten zerbitzuak?
  • Zer egin dezakegu buruko gaixotasunari lotuta dauden aurreiritziak eta estigmak saihesteko edo ezabatzeko?

Hitzaldia ilunabarreko 19:00etan izango da, udaletxeko areto nagusian.