Hurrengo tailerrak: Orereta Ikastolako eta Oiartzungo Ludotekako partaideentzat

portada_eus_osoa.jpg

Buru-gaixotasunen inguruko hurrengo tailerrak, Orereta Ikastolako eta Oiartzungo Ludotekako partaideentzat izango dira.

Tailerrak parte-hartzaileak izango dira. Ariketa ezberdinen bidez gaixotasun psikikoa duten pertsonek egunero gainditu behar dituzten zailtasunak aztertu eta partaideek beraien iritzia emateko aukera izango dute. Bi elkarteok, guraso, irakasle, hezitzaile eta ikasleak tailer hauetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Orereta Ikastolako tailerra, Linoko eraikinean (Santa Klara kalean) izango da, abenduaren 12an 17:30ean. 

Bigarren tailerra Oiartzungo Hezkuntza ez arautuko partaideei zuzendutakoa izango da. Ludotekarekin elkarlanean, abenduaren 13rako antolatu dugu, 18:30ean liburutegiko aretoan.

Tailerrak ikastetxeetan antolatuko diren arren, beste edozein herritarrek ere parte hartu dezake.

Buru-gaixotasunen inguruko tailerrak ikastetxeetan

Arraztalo eta Aldura Elkarteek elkarlanean buru-gaixotasunen inguruko tailerrak antolatu genituen Oarsoaldean 2016an. Tailer hauen helburua herritarrek buru-osasunari eta gaixotasun psikikoei buruz duten ikuspuntua ezagutu eta biltzea izan zen. Ekintza honen emaitza 2017 hasieran argitaratu genuen memoria izan zen.

Ildo honi jarraituz, aurten tailerrak eskualdeko ikastetxeetan egingo dira. Tailer hauen helburua berbera izango da: eskola komunitateko partaideekin gaixotasun psikikoa duten pertsonen egoera eta problematika aztertzea. Arraztalo eta Alduraren ikuspuntutik, haur eta gazteen artean egiten den prebentzioak izugarrizko garrantzia du ondoren ager litezkeen buru-osasun arazoak ekidin ahal izateko. Horregatik, sentsibilizazio ekintza honen helburua gaixotasun psikikoaren gaia eskoletan lantzen hastea izango da. Tailerrez gain, Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailatan erabiltzeko unitate didaktikoa ere garatu dugu.

Tailerrak parte-hartzaileak izango dira. Ariketa ezberdinen bidez gaixotasun psikikoa duten pertsonek egunero gainditu behar dituzten zailtasunak aztertu eta partaideek beraien iritzia emateko aukera izango dute. Tailerrak eskola komunitatera eta bertako partaideen bizipenetara egokituta egongo dira. Bi elkarteok, guraso, irakasle eta ikasleak tailer hauetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Lehenengo tailerra Elizalde Herri Eskolan izango da azaroaren 16an, 16:45ean Mediatekan. Etorkizunean, antolatzen diren beste tailerren berri emango dugu.

Tailerrak ikastetxeetan antolatuko diren arren, beste edozein herritarrek ere parte hartu dezake.