Arraztalo Eusko Legebiltzarrean izan zen urriaren 29an

Aurreko ostegunean, urriak 29an, Arraztalo Elkarteko langile eta senideak Eusko Legebiltzarreko Ohiko Bilkuran egon ginen. Bilkura horretara PSE eta EH-Bilduren gonbidepenari esker joateko aukera izan genuen. Oreretako senideak eta Oiartzungo Udaleko ordezkari bat ere gurekin izan ziren bertan.

Osoko Bilkuran Eusko Jaurlaritzari egin zitzaizkion galderen artean, Enplegu Zentro Berezien kalifikazioa eta erregistroari buruzkoa zegoen. Gaia ez da berria, eta Arraztalotik orain dela gutxi eskutitz ireki bat idatzi genuen, Enplegu Zentro Berezien gaiak izan duen bilakaera azalduz.

Osteguneko Legebiltzarreko bilkuran, honako mozioa aurkeztu zuen Bixen Itxaso González parlamentariak. Eztabaidan bi puntu hauek eztabaidatu ziren:

  1.  Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio sor dezala bi hilabeteko epean administrazio-marko bat enplegu-zentro bereziak kalifikatzeko eta erregistratzeko, sindikatuen eta eragileen parte-hartzearekin.
  2. Zentro horientzako 2015eko ekitaldiko diru-laguntzen aginduek kontuan izango dituzte inskripzio-eskatzaileak, baldin eta erregistroa ekitaldiaren barruan urtarrilaren 1eko ondorioekin formalizatzen badute, eta onuradun izan daitezke eta diru-laguntzak jasotzeko eskubidea eduki, nahiz eta diru-laguntzen aginduak inskripzioa egin aurretik argitara eman”.

Mozioan aurkeztutako jatorrizko testua onartu zuen legebiltzarrak, PSE eta EHBilduren aldeko botoekin. EAJk lehenengo puntuan alde egin zuen, bigarrenean berriz ez. Ondorioz, hiru alderdi politikoek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote bi hilabeteko epean administrazio-markoa sor dezala. Eztabaida osoa hemen irakur daiteke.

Oraingoan Legebiltzarrak eskatutako betetzea espero dugu. Hainbatetan aipatu izan dugun bezala, Arraztalo Elkartearen proiektuak bizirik iraun dezan ezinbestekoa da Enplegu Zentro Berezia sortzea, eta hobe eskualde mailan bada.