ESKUALDERA ZABALDUZ

2014an Gipuzkoako Foru Aldundiak estreinekoz Partaidetzako Aurrekontuak jarri zituen martxan Oarsoaldean. Programa honen bidez, 2015ean eskualdeko biztanle eta elkarteek Aldundiko aurrekontuko 500000€ zertan erabili erabaki ahal izan genuen.

Partaidetza

Arraztalo Elkarteak ere prozesu parte-hartzaile honetan bere ekarpena egin zuen. Gure proposamenak eskualdean gaixotasun psikikoa duten pertsonen lan integrazioa bultzatzea izan zuen helburu. Horretarako, proiektuaren lehenengo urtean Arraztalok eskualdeko beste hiru herrietatik bina langile kontratatzea planteatu zuen; Errenteria, Pasaia eta Lezoko Gizarte Zerbitzu eta senideekin elkarlanean. Helburu nagusia eskualdeko erakunde, gaixo eta senideei egiten dugun lana eta dugun antolaketa erakustea izan zen. Horrela, gaixotasun psikikoa zuten sei pertsonaz osatutako lantaldea arduradun batekin baratza ekologikoetan Arraztaloko langileekin batera lanean aritzea proposatu genuen.

Honez gain, beste helburu garrantzitsu bat eskualdeko herrietan gaixotasun psikikoa duten pertsonen eta hauen senideen herri mugimenduak sortzea izan zen.

2014ko Aurrekontu Partehartzaileetan 50000€ gorde ziren Arraztalok proiektu hau garatu zezan. 2015eko maiatzean Arraztaloren eta Foru Aldundiko Gizarte Politikako sailaren arteko hitzarmena sinatu zen. Bien bitartean, Errenteriako Osasun Mentaleko Zentruarekin elkarlanean, langile berrien aukeraketa prozesua martxan jarri zen, pertsona bakoitzaren ezaugarriak eta osasun egoera aztertuz. Ekaina hasieran gaixotasun psikikoa zuten langile berriak lanean hasi ziren Arraztaloren baratzetan, arduradun berri batekin. Horrela, Oiartzunen egiten dugun lana ezagutzen hasi ziren, baita nekazaritzan aritzeko beharrezkoak ziren oinarrizko jakintzak ikasi ere. Irailan, lan kontratua egin zitzaien programa azaroan bukatu zen arte.

Honez gain, hilabete horietan zehar Arraztalok hartu-eman ugari izan ditu langileen senideekin, bai bakarka eta baita taldean ere. Bilera horiek helburu bikoitza izan dute. Batetik, familiari langileek baratzetan egin beharreko lana eta honen baldintzak azaldu zaizkie. Bestetik, euren senideen lan eta gizarte integrazioa nola ikusten duten galdetu zaie, herri mugimenduak sortzeko beharra ikusten zuten edo ez jakiteko.

Hausnarketa horren ondorioz, Errenteria, Lezo eta Pasaiko gaixotasun psikikoa duten pertsonen senideek Aldura Elkartea sortzea erabaki zuten. Horrela, Arraztaloren esperientzia ikusita eta honen laguntzarekin, eskualdean gaixotasun psikikoaren eta buru osasunaren inguruan lanean ariko den kolektiboa sortzea da helburua.

Hasierako nahia Aurrekontu Partehartzaileen bidetik eskualdeko gaixotasun psikikoa duten pertsonen beharrak asetzeko laguntza ekonomikoa lortzen jarraitzea zen arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Aurrekontu Partehartzaileak etetea erabaki zuen 2015ean. Gaur egun, inguruko erakundeekin elkarlan bideak aztertzen ari gara 2015ean jarritako hazia galdu ez dadin.

Utzi iruzkina