Arraztalo Elkarteak urteko batzar orokorra egingo du martxoaren 21ean

Arraztalok urteko batzar orokorra egingo du martxoaren 21ean, osteguna, 18:30ean udaletxeko pleno aretoan. Arraztaloren proiektuaren baitan 2023an zehar egindako ekintzak eta hauen balorazioa azalduko da.

Horrez gain, 2023ko diru-kontuen eta jasotako diru-laguntzen argibideak ere emango dira. Elkartetik Arraztaloko kideei eta elkartearekin ekintza ezberdinetan parte hartu duten guztiei dei egiten diegu, batzarrera etor daitezen.

Batzarraren gai-zerrenda honakoa da:

  1. Lan integrazio programa.
  2. 2023ko diru kontuak.
  3. Kontsumo taldea.
  4. Enplegu Zentro Berezia.
  5. Zuzendaritza aldaketa.
  6. Besteak eta eskari-galderak.

Arraztalo Elkarteak 3 langile berri kontratu ditu, lan integrazioa eta elikadura burujabetza sustatzen jarraitzeko

Urtero Lanbidek ateratzen duen Enplegua Sustatzeko Tokiko ekintzen laguntzen baitan, Arraztalo Elkarteak hiru pertsona kontratatu ditu aldi baterako. Arraztaloko lantalde finkoarekin batera nekazaritza ustiategian ariko dira lanean sei hilabetez. Ohiko nekazaritza lanak egiteaz gain, Arraztalo Kontsumo Taldeko banaketak egiteaz arduratuko dira, beraien sozializazioan herritarrak eragile aktibo eginez. Taldeak gaur egun 30 kide ditu eta astero saskia jasotzen dute 18:00etan plazan.

Lanbideren programaren helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea da, beraien kualifikazioa, gaitasun pertsonalak edo motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez. Kasu honetan, buru gaixotasunagatik desgaitasunen bat duten pertsonak kontratatu dira.

Oarsoaldea Garapen Agentziarekin, Udaletako Gizarte Zerbitzuekin eta Errenteriako Osasun Mentaleko Zentroarekin elkarlanean nekazaritza lanetan aritzeko hautagaiak bilatu eta kontratazioak gauzatu dira. Azken hauek, Osasun Mentaleko sarean artatzen diren pertsonekin eta senideekin zuzeneko harremana dutenez, hautaketa prozesua errazten da. Bereziki gaixotasun mentalaren ondorioak gainditzeko lan aukera baliatuko duten pertsonak aukeratzen dira.

Osasun mentalaren inguruko inkesta martxan dugu. Eman zure iritzia!

Osasun Mentalaren Nazioarteko Egunaren harira, osasun mentalaren inguruko inkesta zabaldu genuen orain dela astebete. Gaur arte, 64 erantzun jaso ditugu.

Inkestaren helburua da herritarrek osasun mentalari buruz duten ikuspegia jasotzea. Ondoren elkartean hausnarketa prozesu bat egingo dugu etorkizuneko sentsibilizazio ekintzak zein izan behar duten erabakitzeko.

Urria bukaera arte inkesta irekita egongo da, beraz oraindik erantzuteko aukera dago.

Udazkeneko HemenGuk azoka larunbatean

Azoka urriaren 7an izango da, larunbatean, Oiartzungo plazan. Beste x ekoizlerekin batera, bertako barazkien postua jarriko dugu.

HemenGuk taldea sortu zenetik 9. azoka izango da hau eta goizeko 10:00etatik 13:30ak egongo da irekita. Bertan, herriko produktuak erosteko aukera izango da, baita azoketatik kanpo non saltzen diren ezagutzeko ere.

Arraztaloren kasuan, uda bukaerako eta udazkeneko barazkiak izango dira salgai. Azokan ez ezik, beste bideak ere badaude barazkiak lortzeko, besteak beste kontsumo taldea eta enpresetara banaketa. Eskuratu informazio gehiago hemen.

Arraztalok lan-poltsa irekita du

Urtarrilean aipatu genuen moduan, Arraztalok urteko Lanbideren enplegua sustatzeko enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako programan parte hartzen du.

2023ko programan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko, lan-poltsa martxan dugu. Nahiz eta lan poltsa urte osoan irekita egon, garai honetan deialdi berezia egiten dugu hautagaiek izena eman dezate.

Arraztalo Elkarteak Oiartzungo udako HemenGuk Azokan parte hartuko du, barazki ekologikoen eskaintzarekin

Udako HemenGuk azoka ekainaren 3an ospatuko da Doneztebe plazan. Bertako ekoizleen eta artisauen aberastasunaz gozatzeko aukera izango da 9:30etik 13:30era.

HemenGuk Azoka tokiko eta artisautzako produktuen aniztasuna eta kalitatea nabarmentzen dituen erakusleihoa da. Ekainaren 3ko azokan, guztira 19 postu izango dira. Horietako bat gure elkartearena izango da, bertako barazki ekologikoena, hain zuzen ere.

Arraztalok udal jabetzako sagasti bat kudeatuko du hurrengo 10 urtetan

Arraztaloren jarduera nagusia baratzagintza den arren, sagastien kudeaketa ere egiten dugu. Beti esan izan dugu, gaixotasun mentalak dituzten pertsonentzat garrantzitsua dela egunean zehar jarduera ezberdinak egitea, monotonia hausteko. Sagastien kudeaketari esker, beste lan mota batzuk egiteko aukera izaten dugu.

Oraingoan Arraztalo eta Oiartzungo Udala adostasunera iritsi gara Gurutzeko Pikokarate mendi aldean dagoen sagasti bat kudeatu eta bertako uzta biltzeko. Trukean, urtero kanon bat ordaindu beharko du Arraztalok eta lursail horren eta sagastien mantenuaz arduratu: belarra moztu, zuhaitzak kimatu eta ingurua txukun mantendu.

Aspaldiko apustuarekin jarraituz, inguruko erakundeekin elkarlanean jarraitzen dugu gaixotasun mentalak dituzten pertsonen ongizatean pausoak emateko.